Zer da AETER?

Espainiako Terminologia Elkartea (AETER) 1997an sortu zuten Madrilen hainbat pertsonak eta erakundek. Terminologiari eta espezialitate-hizkuntzei buruz ikertzeko eta espainierazko eta Espainiako gainerako hizkuntzetako terminologia-baliabideak prestatzeko eta kontsultatzeko interesa zuten erakunde horiek guztiek.
AETER eremu nazionaleko elkarte bat da, irabazi-asmorik gabea, eta helburu nagusi hauek ditu: Terminologia diziplina gisa garatzea eta sustatzea; beharrezkoak diren baliabide terminologikoak sortzeari laguntzea; eta dauden baliabideak zabaltzea.
AETERek erregulartasunez antolatzen ditu Terminologia Jardunaldiak, truke zientifikoa errazteko eta terminologia sortzen eta kontsumitzen duten erakundeak komunikazioan eta dibulgazioan espezialitate-eremuetan duen garrantziaz kontzientziatzeko asmoz. Jardunaldi horietan, terminologiarekin zerikusia duten gaiak lantzen dira, edozein arlori dagokionez, teorikoak nahiz praktikoak eta aplikatuak. Era berean, Elkarteak parte hartzen du terminologiarekin eta antzeko gaiekin zerikusia duten bileretan, biltzarretan eta jardueretan.
AETERek harremanak ditu organismo, elkarte eta erakunde autonomiko, nazional eta nazioartekoekin, hizkuntza espezializatuen erabilera komuna koordinatzen laguntzeko. Red Iberoamericana de Terminología (RITerm) eta Red Panlatina de Terminología (REALITER) sareetako parte da. Societat Catalana de Terminologia (SCATERM) elkarteko kidea da elkarrekikotasun-harremanez.
AETER irekia dago Terminologian interesa duten guztien parte-hartzera eta ahaleginera, edozein arlotan nahiz alderditan. AETERen kide indibidualak nahiz erakundeak askotarikoak dira: Real Academia Nacional de Medicina; Real Academia Española; hainbat unibertsitatetako sailak eta institutuak; Asociación Española de Normalización (UNE); Espainiako beste hizkuntza batzuetako terminologia-zentroak, TERMCAT, UZEI eta TERMIGAL; eta hizkuntza-industrien eta edizioaren eremuko hainbat erakunde pribatu.
AETEReko kide izan daitezke hala eskatzen duten pertsonak edo erakundeak, Elkartearen Estatutuen arabera. Bazkide instituzionalak haiek izendatutako pertsona batek ordezkatzen ditu, eta pertsona hori bazkide ere izan daiteke pertsonalki.